Gose taldea hirukoa da (Ines Osinaga -ahotsa eta trikia-, Iñaki Bengoa -sekuentziak, programazioak eta erritmoak-, Osoron -gitarra eta baxua-)eta 2004an sortu zen Arrasaten (Gipuzkoa). Gose taldea hirugarren lanera iritsi da. Gose denari jateko ordua ailegatu zaio. Gose taldea musika jateko, Euskal Herriko triki-pop musika eta, tradizioa iraultzeko, musikari berrikuntzak ezartzeko eta bide berriak urratzeko sortu zen, eta gainera, plazer handiz. Gose taldearentzak gosea plazera da, gero hori asetuko duen jakia ahoan badago. Plazera entzumenean, plazera ikusmenean. Gose taldeak beti pentsatu izan du itxuraren azokan horri aurre egiteko modurik egokiena jarrera musikatua dela, hitz esanguratsuaz hornitua. Gose taldeak hiru zutabe nagusi ditu. Hiru musikari, hiru zutabe. Habetu egin behar gabeko eraikin sendoa. Musika-habeak, hitz-habeak, jarrera-estetika-habeak. Hiru musikari eta zutabe bakoitzari hainbat habe sendo zutik eusteko egitura guztiari. Zutabe bakoitzari zutabe-laguntzaileak atera zaizkio. Habe bakoitzak habexka mordoaz inguraturik. Utziko ote du ikusten horrenbeste zutabe, zutabe-laguntzaile, habe eta habexken maratillak Gose taldeak zehaztu duen musika ondare txukun eta oldarkorra? Inoiz baino argiago eta garbiago agertzen da Gose taldearen espazio oro (musika, hitza eta jarrera-estetika). Gose taldea hainbat musika estilo eta jario desberdinen bilgunea da. Gose taldeari trikiak eransten dion substantibo eta izena world-music da. Gitarrek atxekitzen diotena rock eta punkaren ukitua da. Perkusio elektroniko eta programazioek musika elektroniko eta technoaren kutsua ezartzen diote. Gose taldea hiru zutabe atal horietan oinarritzen da, baina entzulearen belarriak musika zipriztin ugariz bustitzen dituzte, eta beti dantzarako giro aproposak eskainiz. Folk alorreko world-musika, rock isuri zalapartatsua punkaren tantekin, techno klasiko eta trancearen zartada apartsua. Baltsa, paso-doblea, zingaroa, rapa, ezin da dena esan. Gose taldea musika entzule aparta da. Entzuten dutena hausnartu eta emaitza biribila ateratzen da. Hitzak ez dira otzanak, beti prest mingainaren armarekin tiro egiteko. Giza arloa, politika giroa, sexuaren usain barnerakoia. Asmo argi eta garbia. Bizitzaren pasarteak ekarri dituzte hitzetara, ekintzetara. Jarrera-estetika landua, aldez aurretik sakon pentsatutakoa. Urrats guztien atzean ideiak garden, ezer gorde gabe. Gose taldeak hiru zutabe horiekin ohitu da aurrera joaten. Etenik gabe, hutsunei zirkin egiten. Ohitura plazer bihurtuta. Gose taldeak hirugarren plazera plazaratu digu. Diskoan galduta berriro beste ohitura bat. Disko guztetan errepikatu den abestia, sehaska abestiaren enegarren bertsioa bossa-novaren ikuspegitik. Gose taldearen laugarren diskoak lau bat izango du eta zer kolore? Hurrengoa hobeagoa omen dator.